XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Saunatik manikurara eta handik pelukeriara, ez zuen beste ezertarako betarik.

Azkeneko aldiz kalean topo egin genuenean, sobran neuzkan kiloak pena bat zirela esan zidan, eta orrazkera aldatzen ez banuen, uste baino lehen zahartuko nintzela abixatu (eskerrak eman nizkion abixuagatik).

Hura aldiz, beti bezain lirain zegoen, gramoren bat faltan izatekotan, eta ile platinoaren aldeko sekula izan ez banaiz ere, aitortu beharrean nago, pañuelo turkesak lepoan, oso kontraste polita egiten ziola (hori esateagatik alabak hurrengo olentzerotan oraindik jaztera ausartu ez naizen bat oparitu zidan).

Nekatu naiz hain txukun idazteaz.

Ipuin modura egin nahi nuen ixtorioa, baina garai bateko kontuekin hasten banaiz, ez zait haren bukaerarena sartuko eta normal eskribitzera noa.

Gajoa!

Pilarrek hotsegin zidanean lastima eta guzti sentitu nuen baina de paso, pentsatu ere pentsatu nuen, merezita zeukala.

Jaungoikoak barkatuko ahal dit!

Manikomioan gertatu zen.

Hilabete batzuk nahikoa rara omen zeramatzan guk dakigunez, paranoia edo horrelako zerbaitek jota.

Ez nago seguru paranoia izena duen, baina hori ez al da beti norbait atzetik daukazula pentsarazten dizun gaitz edo dena delako hori?

Ba, horixe zeukan dirudienez.

Eta eguna joan eta eguna etorri, topatzen zuen guztiari esaten omen zion jarraitu egiten ziotela eta beldurtuta bizi zela.

Etxetik ateratzea ere kosta egiten zitzaiola, eta hasieran gutxi baziren ere, gero eta gehiago zirela atzetik zihoazkionak, eta ez zutela harrapatuko, nahiz eta ahalegin guztiak egin.